XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Atsalde on, Muller jauna, - esan zuan tximiniko zaldunak -.

Atsalde-on, Muller jauna, - esan zuan maiekoak ere.

- Oraingoan ez ninduten beeko zakardegira jetxi.

Alderantziz, mailla batzuk igo, eta, leio aundi ederreko ibiltoki baten barrena, gela zabal batera eraman ninduten.

Itxi zuten gelaren atea, eta beste ate bat irikitzen asi ziran, ni iare utzita.

Altzari bikain eta ispillu aundiz beterik zegoan gela ura dana.

Ispillu aietako baten alboan negoan ni, goseak aulduta, zutik ezin egonik.

Alako batean astiro-astiro ispillua muitzen asi zala iduritu zitzaidan.

Nere aultasuna zala, pentsatu nuan, gezurrezko gertariak ikustarezten zizkidana. Baiña ez.

Legunki-legunki, zan guzia iriki zan ispillua, eta emakume bat irten ispillu arek estaltzen zuan ate izkututik.

Ogei ta amarren bat urteko gizaalaba; bertso zarrak eskatzen duan lez zuri eder galanta; txit atsegiña, benetan.

- Entzun dut - esan zidan -, bi zaldun oiekin izan duzun izketa.

Bikain jokatu duzu.

Eta leialki.

Jarrai ezazu orrela, ta Jainkoak ordainduko dizu leialtasun ori.

Arriturik negoan. Txunditurik.

Ez nintzan ezer esateko gauza.

Eta gauza izan ba`nintz ere, ez nuan ezer esateko astirik aurkituko, bereala itxi bait zan berriro, ispillua-bitartez, ate izkutu ura.

Andrea izkutatu bezain laister agertu ziran nere bi zaindariak, eta, aidean artuta, gelatxo txiki batean itxi ninduten.

Garbia, gelatxoa.

An, mai batean, opil beltz bat eta txarro bat ur zeuden, nere zai.

Munduko jakirik onena baiño gustorago jan nuan ogi beltza, eta ardorik onena baiño lei aundiagoz edan txarroko ura.

Ez apurrik ez ttanttorik ez zan an gelditu.

Ura izan zan egun oso artan nere otordu bakarra.

Leiotik sukaldeko patioa ikusten nuan; ta aruntz-onuntz an bean zebiltzan zuriz jantzitako sukaldariak; eta eskuetan eramaten zituzten arrai, aragi, eta mota guztietako janariak.

Ikuskizun arek, eta beetik gora iristen zitzaidan usai gozoak, erotu ere egin ninduten ia-ia, jandako ogi-puska arek, kendu bearrean, aundiagotu egin bait zidan jateko gogoa.

Biaramon goizean ostera bezperako bi zaldun aien aurrera eraman ninduten, eta an asi zan berriro bezperako festa.

Ekarri zuan orduan ere Karl potoloak janariz betetako maitxoa, eta nere aurre-aurrean ipiñi zuan.

Berdiñak izan ziran galderak eta eskariak Muller jauna: azaldu eiguzu arren dokumentu auen esan-naia.

Aurra nun da, Muller Jauna?.